XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Les belles infidèles Idatzi Sakratuen itzultzaileek, oro har, erakutsi zuten ardurarekiko kontraste nabarmenean, obra profanoak itzultzen ari zirenek askatasun mugarik gabea azaldu zuten XVII eta VIII mendeetan zehar.

Georges Mounin hizkuntzalariak izen egokia aurkitu du aro honentzat: Les Belles Infidèles edo Desleial Ederren Aroa.

Abraham Cowleyren ideiak aski eragingarriak izan ziren itzulpenean askatasun kontzientezko bidetik jo nahi zutenentzat.

Pindaroren Odak itzuli zituelarik, zoro-lantzat jotzen zuen haren poemak hitzez-hitz itzultzea, eta horregatik bere gogara gauzak kentzen eta eransten zizkien poemei eta espreski aitortzen zuen bere asmoa ez zela Pindaroren hizkera zehazki ematea baizik eta haren bidearen eta moldeen berri ematea orokorrean.

1680an, Drydenek ez zuen ontzat eman Cowleyren itzulkera eta imitazio iritzi zion beronen lanari.

Drydenentzat hiru itzulpen mota zeuden: metafrasea edo hitzez-hitzezkoa edo lerroz-lerrokoa; parafrasea edo autoreak esana arretaz kontutan hartzen duena baina ez hitzez-hitz zentzuz baizik eta imitazioa edo itzultzaileak hitzak ezezik zentzua bera ere aldatzeko askatasuna bere gain hartzen duenekoa.

Drydenek berak parafrasea proposatzen zuen itzulpen egokitzat, beste biak itzuri beharreko mutur gisa ikusten zituelarik.

Alexander Popek, 1715ean, bide beretsuari heldu zion eta hitzez-hitzezko itzulpena nekez izan zitekeela jatorrizkoaren ordain bikaina aitortzen zuen.

Berrogeitamar urte geroago Batteux frantsesa zuhurrago agertzen da hitzezkotasuna kondenatzean eta berak proposaturiko arauek ahal zen neurrian hitzen eta ideien ordena errespetatzea eskatzen zuten, luzeera bereko perpausak erabiltzea, juntagailuak bikoiztea eta parafraseari ihes egitea.

Batteuxek ez zituen baztertzen aldaketak beharrezko zirenean baina arreta handiz jokatzen zuen forma birsortzeari zegokionean.

Alemanian antzeko garapena gertatu zen, Herder eta Schlegelen itzulpenetan ikus daitekeenez.